XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ausartu egin ginen ordea.

Elkarri begira geratu ginen unetxoa soberan izan genuen egin beharrekoa guztiok jakiteko.

Tresnei ondo heldu eta aldapan behera jo genuen abian, txikitan bizikletan ibiltzen nintzenetan Armentia parteko maldetan egiten nuen moduan.

Kitarrako mastan gora eta behera zihoakidan ezkerreko eskua, eskuinak markatzen zion konpasari estu jarraituz.

Eta halaxe zihoazen Canterorenak ere, gero eta azkarrago, gero eta zanpakorrago.

Dieste, Bilbao eta besteak ere ez zitzaizkigun atzerago geratu.

Ezta dantzariak ere.

Segika genituen.

Hamelingo txirulari ezagunaren arratoiak balira bezala, musikak liluratuta nonbait.

Eta geu errekarantz gindoazen eta beraiek gurekin, jira eta buelta.

Elkarren gainera erori ziren arte.

Hainbeste bira egin zuten, hain bizkor, ze, azkenerako, musikak eragindako zurrunbilo hartan zorabioak hartu, norbaitek estropozo egin eta bertan behera etorri ziren ia batera.

Ikustekoa zen benetan gorputz nahaste hura.

Hango zalaparta, andrazkoen txilioak, gizonezkoen madarikazioak, gure sarjentu gizajoaren aurpegi bat-batean zurbildua.

Haren gogoratze hutsak barregura eragiten dit oraindik ere.

Dominez zamaturiko haiek eta beren emazte oiloak lurrean, zer gertatzen zen konprenitu ezinik.

Betirako gogoan gorde nahiko nuke hainbeste gauza barregarri, bizitzaren laztasuna pitin bat gozatzen duten horietakoak.

Mendekuaren gozoa zer den ikasi genuen, huraxe izan zen-eta gurea.

Diesteren seme hila mendekatzen ari ginen, gau seinalatu hartan familia eta lagunengandik urrun egon beharra, ordura arte sofritutako guztia.

Orduan ez nekien arren, niretzat ere bazegoen mendeku bat gorderik: gau hura beste baten besoetan pasa zuen Marisak. (Stop).